lunes, 13 de noviembre de 2023

"AZKEN GALDERA AMARI" liburuaren aukerkezpena

 


Proiektu honen sorrera, benetako gertaera batean oinarritzen da. Bi urte eta erdiko mutiko baten istorio gogorra da abiapuntua. Bere ama, minbiziaz gaixotu osteko prozesua kontatzen du eta ondoren amaren heriotza. Mutiko horren aita izaki, dolu prozesu bikoitza igaro dudala eta igarotzen ari naizela sentitu izan dut. Batetik, bikotea galtzearen dolua eta bestetik ama galdu duen seme horren minaren dolua. Finean, dolu prozesua, egokiera bat da, heriotza bera bezala. Ordu arte, zure bizitza eusten zuten zimentu guztiak, papera bezala jausten direla ikusten duzu. Beraz aukera hori probesteko jarrera hartuz joan gara. Nahiz hasierako mina, ikaragarria izan eta bidea lauso ikusi, joan denari joaten uzteak ematen duen arintasuna oso sendagarria egin zaigu. Dolu prozesua, mapa baten modukoa irudikatzen dut orain. Egunez egun joan gara mapa horretan, bizitza berriko bideak marrazten. Begirada aldaketa ezinbestekoa izan da, argitasunez, eman beharreko pausuak eman ahal izateko. Begirada norbere barrura, norbere emozioetara eta hortik mundura. Mina, beldurra, tristura eta amorrua bidelagun ezinbesteko betiere, nahiz eta ez izan eroso. Eta dolu prozesu horretan, asko lagundu digu hitza jartzeak, marrazteak, jolasteak eta idazteak. Idazte prozesu horretatik dator ipuin honen ideia. Hustutze emozional bat izan dela sentitzen dut orain. Bideari kontzientzia jartzeko modu bat. Egindako lanaren sari txiki bat. Eta batez ere, ipuin honek egin dezakeen bideak ilusioa pizten dit. Konturatu bait naiz, jende askorentzat ispilu lagungarri izan garela. Heriotzaren gaia ukitu izan dudan bakoitzean, jendearen erreakzioa bikoitza izan da. Alde batetik, oso eskertuta sentitu da norbanakoa eta bestetik konturatu, oraindik ez dela bere momentua gai honetaz hitz egiteko. Baina heriotza guztion gaia da, bat egiten gaituen tabua eta bizitza arin bat nahi badugu, normalizatu behar dena. Ipuinak, benetako gertaeran oinarritua izaki, gai desberdinak ukituko ditu. Askotan minbizia bezalako gaixotasun bat edo heriotza bera, gertaera soil bezain lazgarri baten gisan ikusten dugu. Baina gertaera bakoitzak, barrutik soilik ikusi daitezkeen uneak izaten ditu. Bizi proiektu ororen jauzteak, albiste latz baten ondoriozko denbora gelditzeak, gaixoaren ahultze etengabeak, bikote izatetik zaintzaile izatera igarotzeko ezinbesteko pausuak, heriotzaren atariko beldurrak, galerak dakarren min sakonak, haurrei gertaera den bezala adierazteko ezintasunak… Gai guzti hauek ukitu nahi izan ditut ipuinean. Ziurrenik, gai bakoitzarekin sortu daiteke, heriotzaren nahiz doluaren inguruan, hezigarri suertatu daitekeen ipuin bat. Baina pentsatzen dut, familia asko identifikatuak sentituko direla, ipuin honekin. Eta azkenik erresilientzia mezu bat egongo da ipuinean. Emozioen olatuetan igeri eginaz, bizitzari heltzen dion haur baten bidaia.

HELBURUAK

Beraz, hasierako hustutze emozionan hura, pixkanaka ipuin forma hartzen joan zen. Nolabait, hitzez behin baino gehiagotan adierazi nuena, orrian irakurri ahal izatea zirraragarria suertatu zen. Proiektu honen helburuak finkatzen hasiko banintz, ondorengoak lirateke:

 - Heriotzaren gaiaz modu naturalean hitz egin eta lantzeko baliabideak eskaintzea.

 - Gaixotasun larri baten ondorioz, gertatzen diren aldaketa guzti horiengan fokua jartzea. 

- Zaintzailea zaintzearen garrantzia bistaratzea

. - Gaixotasunetik, heriotzara eta dolu prozesuan zehar, haurrak uneoro kontutan hartzea. 

- Dolu prozesuan zehar, erritual nahiz sinboloen garrantziaz konturatzea. 

Principal

Puertas abiertas EIVIDA (2024).Escuela de intución, energía y vida.

  Volvemos con la octava edición de puertas abiertas en Euskadi para acercaros nuevamente a EIVIDA(escuela de intuición, energía y Vida), do...